Roberto Otaegui Echeverría, idazlea
"Nik uste dut genetika kontua dela. Euskadin oso fuerte sentitu nuen mendiaren indarra"
* Traducción al español del original en euskera
Palmira Oyanguren M.
Roberto Otaegui Echeverría idazle txiletarrak mila urtetik gora dituen tradizio bat darama bere bihotzean eta geneetan. "Sombras en el Tiempo" eleberrian, bere herenaitonaren historia kontatzen du. Beizaman jaioa (Gipuzkoa), abenturak eta desbenturak tarteko, munduaren azken lurmuturreraino joan zen...
Santiagotik ordu eta erdira dagoen Olmué herrixkan, mendiz eta lurrezko bidez inguratuta bizi da Kixotearen itxureko gizon hau, hain maite duen literatura lantzeko. Neguko egun euritsu bat da, eta, sutondoan, objektu arkeologiko prekolonbinoz inguratuta, bere arbasoen historia kontatzen ari zaigu.
Otaeguiren ustez, euskaldunak XVII eta XVIII. mendeetan iritsi ziren Txilera, eta Ilustrazioa ekarri zuten. Ez zeukaten konkistatzen hasteko asmorik, merkataritza lantzeko gogoa baizik. Beste alde batetik, emakume kreol aberatsekin ezkontzerakoan, aristokrata bilakatu ziren, eta Txileren independentziaren bultzatzaile ere bai. Horixe bera gertatu zen bere familian.
"Nire herenaitona, nire eleberri berriko pertsonaia nagusia, José Antonio de Otaegui y Mendizabal, Beizaman jaio zen 1765ean. Real Compañía Guipuzkoana de Caracas-ko kapitaina izan zen 1728tik 1785era. Konpainia hau Venezuelarekin aritzen zen lanean. "Nuestra Señora del Carmen", "Diamante" ezizeneko fragata baten jabea zen. Ez dakit zergatik, baina Txilera etorri, eta 1802an Josefa de Astaburuagarekin ezkondu zen. Emaztearen aita negoziogizon aberats bat zen, Valparaísotik gertu dagoen Laguna Verderen jabea. Lau seme izan zituzten, eta 1815ean Liman hil zen".
Bere bigarren abizenak ere, Echeverríak alegia, badu historiarik.
"Aragón abizena zuen Konkistako kapitain bati lur eremu zabal bat eman zioten Romeral-en, Olmuétik gertu, Arauco-ko Gerran borrokatu izanagatik. Nire herenaitona, Echeverría, lur haietan azaldu, eta Aragónen alabarekin ezkondu zen. Emazteak zeukan anaia bakarra apaiza zenez, honek, hildakoan, zeukan guztia arrebari utzi zion, eta beraz, senar-emazteak ia probintzia osoaren jabe bihurtu ziren. Hauen biloba, nire herenaitona, José Joaquín Echeverría, espainiarren aurka borrokatu zen Independentziaren gerran, eta preso hartu eta Callao-ra eraman zuten, Perura. Orduan, Txileren askatzaileak, Bernardo O’Higgins-ek, koronel espainiar batekin presoak trukatzea erabaki zuen, eta horri esker bere herrira itzuli zen. Echeverría Peruko abertzaleekin adiskidetu zen, eta hauek Callaoko planoak eman zizkioten gero San Martínek inbaditzerakoan erabiltzeko. Non ezkutatuko, eta oinetakoetan!... Euskaldunok beti egon gara hamaika iskanbilatan sartuta".
-Noiz hasi zinen literaturan murgiltzen?
Nire lehenengo eleberria 15 urterekin idatzi nuen. Pertsonaia nagusia errusiar bat zen, niri Dostoievski ikaragarri gustatzen zaidalako. Eleberriko gazte hau oso alkoholzalea zen, baina ez zuen vodkarik edaten. Garai hartan zaldun errusiarrek ere ez zuten edaten; hori mujik-ek egiten zuten. Berak Kefir edaten zuen. Nire lagunek, eleberriko orri batzuk irakurri zituztenean, diru pixka bat bildu eta afari bat antolatu zuten nire urtebetetzea ospatzeko. Baina baldintza bat jarri zidaten: edari hori bakarrik edatea, edari nazkagarri, gozo eta alkoholiko hura. Ze nazka! Hirugarren tragoa eman nuenerako etxera besotan eraman behar izan ninduten. Eta liburua erre egin zuten, antialkoholismoaren omenez.
Eskolatik ateratakoan, nekazarien seme hau arkitektura ikasten hasi zen, baina ikasketak utzi eta ardoak saltzen hasi zen, dirua lortzeko.
"Hegoaldera joaten nintzen, han kontaktuak eta bazkide bat neuzkalako. Eta hortik bizi nintzen. Gero, politikaren munduan sartu nintzen. Diru dezente irabazi nuen ardoen kontuarekin. Hori bai, orain baino gutxiago edaten nuen, bestela oso gaizki ibiliko nintzatekeen".
-Nola igaro zinen merkataritzatik politikara?
Alderdi sozialista batean militatzen nuen, eta gainera oso laguna nuen Carlos Ibañez Errepublikako presidentearen semea. Haren aldeko zerrenda batean, diputatu izateko hautagai izan nintzen. Presidenteak esan zidan: "Roberto, zu ez zara politikaria, zu idazlea zara. Zoaz Espainiara, nire semearekin egoteko". Nik baiezkoa eman nion, baina baldintza batekin: kontsulatuan posturik baxuena ematea. Eta, horrela, hirugarren idazkari postua eman zidan.
Bost urte eman zituen Madrilen kontsul modura; aukera aparta bere erroetara itzultzeko.
-Zein izan zen Euskadi ezagutu zenuenean jaso zenuen lehen inpresioa?
Etxera itzuli nintzela sentitu nuen. Otaeguitarrek Beizaman zeukaten baserria ezagutu nuen. Orain ez da nire familiarena, baina zaintzaileek, jator askoak, ikusten utzi zidaten. Buruan neukan gauza bera topatu nuen. Horrek zerbait esan nahi du. Genetika deitzen diote orain, ezta? Nik hiru zakur dauzkat. Bada, beren gurasoak hilda dauden arren, haien akats eta bertute berberak dauzkate. Nik uste dut genetika kontua dela. Euskadin oso fuerte sentitu nuen mendiaren indarra. Txilen, idazten aritzeko herrixka txiki batera joatea erabaki nuenean, lehenik eta behin itsasaldera joatea pentsatu nuen. Asko gustatzen zaizkit itsasoaren inguruko eleberriak, herenaitona itsasgizona nuelako, baina itsasoaren monotoniak larritasuna sortzen zidan, eta ez zen hori nik bilatzen nuena. Orduan, mendialdera jo nuen. Paisaia honek Euskal Herriko mendien antza handia du. Gu ere, azken batean, mendizaleak gara: isiltasuna eta lasaitasuna bilatzen ditugu.
Berriz ere Txilen
70eko hamarkadan, Salvador Allende presidenteak Txilera itzultzea eskatu zion, bere Protokolo Zuzendari izateko. Hiru urte geroago, Kolpe Militarra gertatu zenean, paradoxikoki eskuindarra zen lagun baten etxean ezkutatu zen, eta bere burua arriskutik kanpo ikusitakoan, Olmué-ra jo zuen. Hantxe bizi da gaur egun bere bigarren emaztearekin batera. Bi aldiz ezkondu eta 9 seme-alaba eduki ostean, idazle honek mendi aldera bizitzera joatea erabaki zuen, hango lasaitasuna dastatzera. Gertutik jarraitzen du Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa.
"Nik gaur egungo politikari buruz daukadan iritzia da latinoamerika gezur handi bat dela. Dena den, mundua egiaren bila dabil. Ikusi zer geratu den Errusiarekin. Lehen, mundu guztia bere esanetara zeukan inperio bat zen, baina orain herrialde desberdinak ari dira sortzen. Lehen politika zen beren arteko lotura bakarra. Finean, gobernu mundial baterantz goaz. Herrialde handiak desegiten joango dira, Europa bezala. Herrialde bat bihurtzen ari da, baina batzen joango diren eskualdeak ez dira izango, esate baterako, Italia eta abar, baizik eta Napoles, Sizilia... herrien Europa izango da. Europar Batasunari buruz hitz egiten hasi zirenean, barregura sartzen zitzaidan. Egunkari espainiar batean karikatura bat azaldu zen, bi gizon urrutira begira zeudela, eta batak besteari zera esaten ziola: Hara, azkenean denok elkarrekin egongo gara! Bai, erantzuten dio besteak, ze poza... Txarrena da aldamenean daukagun herrialde nazkagarriarekin elkartu beharko dugula!".
Roberto Otaegui
Roberto Otaegui gizakiaren handitasun eta miserien narratzaile bikaina dugu, eta literatur estilo desberdinez baliatu da horretarako; eleberri historikoaz, ipuinaz eta eleberriaz hain zuzen ere. Horietan guztietan argi utzi du Txileko letretako figura handietako bat dela. Txilen eta atzerrian lortu dituen sariak horren lekuko.
1998an argitaratu zuen azken eleberria, "Las Indias de Caín", Konkista garaian dago girotuta, eta Otaeguik Amerikaren Kolonizazioari buruz idatzi asmo duen trilogiako bigarren liburua da. 1957an idatzi zuen lehenengoa, "Donde se Pone el Sol", Aurkikuntzari buruzkoa. Lan honi esker Pedro Antonio Alarcón saria irabazi zuen Espainian. Hirugarrena idaztea falta zaio orain. Hispaniarrak amerikar kontinentean nola errotu diren azalduko du bertan. 1965ean, "La Eternidad no es mía" argitaratu zuen, eta Santiagoko Udalak antolatzen dituen Juegos Literarios Gabriela Mistral-eko lehenengo saria eskuratu zuen.
"Del Mundo Interior" izeneko ipuin bilduma bat izan zen argitara eman zuen lehenengo lana, 1952an. Gero, "Cinco Historias Diplomáticas" eta "Tu Sangre Pertenece a los Dioses" idatzi zituen. Azken hau gizakiek jainkoei zuzentzen dizkieten sakrifizioez mintzo da, eta, egilearen iritzian, hauxe da inoiz idatzi duen lanik onena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario